Ornitologia Sailak hainbat proiektu garatzen ditu. Beraien helburua gure hegaztien funtzionamendua eta populazioak aldatzen dituzten ingurumen-faktoreek nola eragiten dieten ulertzeko datu fidagarriak ematea da. Azken finean, ezagutza guzti hori kontserbazio-egoeraren ebaluazioaren eta kudeaketa- eta kontserbazio-neurri eraginkorren zerbitzura jartzen da. Sailak, testuinguru honetan, aurrerapen zientifikoa sustatzen du, ikerketaren, dibulgazioaren, ingurumen-hezkuntzaren eta beste erakunde batzuekiko lankidetzaren bidez, tokiko zein nazioarte mailan, zientifikoki zein administratiboki, gure hegaztiak aztertzeko eta kontserbatzeko.
Eraztunketa zientifikoari dagokionez, gure lan-eremu geografikoa Estatu osoa da; beste alderdi batzuetan, berriz, Euskal Herrian garatzen dugu gure jarduera.
ERAZTUNKETA
Hegaztien eraztunketa zientifikoa hegaztiak modu indibidualizatuan markatzeko metodologia bat da. Metodo honi esker, mugimendu-patroiei, migrazioei, migrazioan zeharreko geldialdi-lekuei, ugalketari, demografiari, gaixotasunei, morfologiari, mudari, fisiologiari, etab.-i buruzko ikerketak burutzen dira eta horregatik, funtsezko elementua da ornitologiaren garapenerako. Horrela sortutako jakintza arlo desberdinetan aplikatzen da, hala nola: kontserbazioa, kudeaketa, espezie desberdinen kontserbazio egoera ebaluatzeko adierazleen kalkulua, aldaketa klimatikoa, susperraldian dauden gaixotasunen dinamika, etab. (Esteka honetan xehetasun gehiago jasotzen dituen txostena deskargatu daiteke).
Hegaztien eraztunketa zientifikoa Aranzadi Zientzia Elkarte beraren ezaugarria da. 1949an sortua, Aranzadiko Eraztuntze Bulegoa aintzindaria da Estatuan. Gaur Egun, 600 eraztunle baino gehiagori ematen dio zerbitzua, bai Aranzadirekin zuzenean bai Doñanako Estazio Biologikoaren, Grup Ornitologico Balear-en eta Institut Català d'Ornitologia-ren bitartez.
Aranzadiko Eraztuntze Bulegoari eta eraztunketari buruz gehiago jakiteko, bisitatu gure web orria: www.ring.eus.
ATLASA
Atlasak egiten ditugu eskala geografiko desberdinetan (tokikotik hasi eta eskualde eta autonomikoetara) ugaltzen diren hegaztien banaketa, ugaritasuna eta joerak ezagutzeko. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, ikus gure argitalpenen atala.
Argitaratutako atlasak ('Argitalpenak' atalean deskargatu'):
Donostiko hegazti habiagileen atlasa.
Euskadiko hegazti habiagileen atlasa.
Garapenean dauden atlasak:
Gasteizko hegazti habiagileen atlasa.
Iruñerriko hegazti habiagileen atlasa.
Euskadiko neguko hegaztien atlasa.
JARRAIPEN-PROGRAMAK
Jarraipen-programa ugari garatzen ditugu zentso estandarizatuen bidez, eraztunketa-proiektuen osagarri, espezieen ugaritasun- eta banaketa-indizeak lortzeko. Horrela, gure hegazti askoren kontserbazio-egoera ebaluatzeko bai epe laburrera, bai luzeera, beharrezkoa den ezagutza-oinarria sortzen dugu.
'Kaioak' programa. Euskadiko kaio habiagileen zentsoak.
'Antxeta' programa. Euskal kostaldeko antxeta mokogorriaren populazio negutarraren zentsoak.
'Lertxuntxo' programa. Euskadiko lertxun habiagileen zentsoak.
'Zapelatz' programa. Euskadiko eguneko baso-harraparien zentsoak.
'Sorbeltza' programa. Sorbeltzen jarraipena Donostian.
Gipuzkoako ibaiertzeko hegazti txikien jarraipen-programa.
Gipuzkoako miru gorriaren ugalketaren jarraipen-programa. Ugalketa garaian Gipuzkoan miru gorriaren banaketari, ugaritasunari eta ugalketari buruzko koordinazioan, datua-analisian eta artikuluak argitaratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean gaude.
Euskadiko kantaurialdean neguko miru gorrien jarraipen-programa. Neguko miru gorrien koordinazioan, datu-analisian eta artikuluak argitaratzeko Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiekin elkarlanean gaude.
Gipuzkoako hegazti nekrofagoen jarraipen-programa. Ugalketa garaian Gipuzkoan nekrofagoen (saiak) koordinazioan, datu-analisian eta artikuluak argitaratzeko Gipuzkoako Foru Aldundiekin elkarlanean gaude.
'Ornitho' herritar-zientzia ataria. Euskadin eta Nafarroan faunaren behaketak biltzeko ataria.
NOCMIG proiektua (Nocturnal Migration), grabagailuak erabiliz gaueko migrazioaren jarraipena egiteko.
DIBULGAZIOA ETA INGURUMEN-HEZKUNTZA
Eraztunketa-jardunaldiak eta tailerrak egiten ditugu familia eta ikasleentzat, hegaztiak tresna gisa erabiliz naturaren kontserbazioari buruz sentsibilizatzeko. Ingurumen-hezkuntzak, besteak beste, ingurumenari dagozkion arazoen ulermen integrala sustatu nahi du, herritarrek erabakiak informazioarekin hartzeko eta jasangarritasunez jarduteko. Testuinguru honetan, hegaztiak oso tresna erabilgarriak dira, ikaskuntza teorikoa eta praktikoa konbinatzen diren esperientziak ahalbidetzen baitituzte. Adina eta prestakuntza akademikoa edozein dela ere, gure hegaztiengan hurbiltzeak hainbat alderdi ulertzeko aukera ematen dio publikoari, hala nola, formen aniztasuna, hauskortasuna eta okupatzen dituzten habitatak kontserbatzearen garrantzia. Naturan egiten diren jarduera hauek balio moral eta etikoak eraikitzea sustatzen dute, biodibertsitatea zaintzearen alde, eta hegaztienganako eta bizidun guztien errespetua eta miresmena sortzen laguntzen dute. Hegaztien bitartez, naturarekin eta haren kontserbazioarekin lotutako beste gai batzuk lantzeko abiapuntua sortzen da, eta gizakiak biodibertsitatean duen eraginari buruzko hausnarketa kritikoa inspiratzen da.
Hegaztiekin egiten dugun hezkuntza-proiektuek onura ugari dituzte hezkuntzaren ikuspuntutik. Lehenik eta behin, praktikan oinarritutako ikaskuntza ahalbidetzen da, eta, horregatik, pedagogikoagoa izan daiteke. Ikasleek kontzeptu teorikoak erabil ditzakete testuinguru praktiko batean, eta horrek ezagutzaren atxikipena eta ulermena indartzen ditu. Halaber, esperientziak bokazioak bideratzen laguntzen du. Azkenik, hezkuntza- eta kultura-testuinguruetan inklusio-esparruak sortzen dira, eta horrek komunitateko kide izatearen sentimendua bultzatzen laguntzen du.
Horren guztiaren zati handi bat Txoribox proiektuaren barruan garatzen da, baino hala ere, askoz aukera gehiago daude. Jarri gurekin harremanetan!
INBIOPYR
FEDER (Interreg POCTEFA) funtsen bidez finantzatutako proiektua. Honen helburua faunari buruzko datuen bilketan mugaz gaindiko harmonizazioa lortzen laguntzea eta klima-aldaketarekiko sentikorrak diren Pirinioetako espezie zentinelen espazio- eta denbora-banaketan aldaketa-adierazleak garatzea. Hori funtsezkoa da klima-aldaketaren ondorioak arintzeko kudeaketa-neurri egokiak eta eraginkorrak garatzeko.
Proiektuak guztira sei bazkide ditu eta hiru urtetan garatuko da (2024-2026).
HIRILIFE
HIRILIFE Aranzadi Zientzia Elkartearen sailen arteko proiektu bat da. Honen helburua hiri-biodibertsitatea ikertzea, dibulgatzea eta hau kontserbatzeko eta sustatzeko dagoen beharraz hezitzea da. Zehazki, HIRILIFE-n helburu orokorrak honako hauek dira:
(1) Biodibertsitatearen banaketa eta faunak hiri-ingurunean duen moldaera ikertzea da. Eremu honetan egiten ditugun lanak “hiri-ekologia” deritzonaren barruan kokatzen dira.
(2) Hirietan dagoen natura-ondarea zabaltzea eta haren kontserbazioa sustatzea.
(3) Gizartea hiri-biodibertsitatearen gainean sentsibilizatzea eta heztea, gure inguruan bizi diren espezieak identifikatzeko eta ezagutzeko ikastaroak eta trebakuntza tailerrak barne.
HIRILIFEn, ikertzaile, ikasle, tokiko eragile eta herritarren parte-hartzea elkartzen da, biodibertsitatea sustatzeko asmoz, hiri-habitata ezagutu eta hobetzera bideratutako hainbat jardueren bitartez. Aranzadi Zientzia Elkartetik hainbat lan-ildo ditugu hiri-ekologiaren arloan.
Kontsultatu xehetasunak proiektuaren web orrian, www.hirilife.eus.
HEGAZTIEN ZERRENDA ETA EZOHIKO BEHAKETEN BATZORDEA
Koordinazioaren bitartez aktiboki parte hartzen dugu Euskadiko Ezohiko Behaketen Batzordean. Batzorde honen helburua Euskadin ustekabean edo modu irregularrean ikusi diren espezieen eta azpiespezieen aipamen guztiak biltzea, aztertzea eta argitaratzea, berrikuspen- eta homologazio-prozesu baten bidez. Halaber, Euskadiko Hegaztien Zerrenda garatzen eta eguneratzen ere parte hartzen dugu. Xehetasun gehiago nahi izanez gero, ikus web orria www.ornitologia.eus.